berria.info

 

Ostirala, 2013ko azaroak 8a.

 

Taula bat, bi aurkari eta koroa bat.

 

Anand eta Carlsen elkarren aurka ariko dira bihartik aurrera, xakeko Munduko Txapelketako finalean.

 

Josu Tornay.

 

Taula bat, eta alde bakoitzean jokalari bat: alde batean, Viswanathan Anand indiarra, 2007tik munduko xake txapelduna; beste aldean, berriz, Magnus Carlsen norvegiarra, munduko zerrendako lehena. Horixe izango da bihartik aurrera Chennain (India) ikusiko den irudia. Bi jokalariok ariko dira Munduko Txapelketako finalean. Xakearen koroa dago jokoan.


Anandek iazko maiatzean eutsi zion hirugarrenez tituluari, Moskun jokatutako finalean Boris Gelfandi irabazita. Carlsen, berriz, duela urte erdi pasatxo sailkatu zen finalerako, Londresen jokatutako torneoan nagusituta. Biak estu ibili ziren irabazteko: Indiarrak berdinketa hausteko partida bizkorretan lortu zuen puntu erabakigarria. Anand eta Gelfanden artekoak ez zuen pasiorik sortu zaleen artean. Ezin esan gauza bera hautagaien torneoaz. Han ere emozioa izan zen azken unera arte. Carlsenek azken partida galdu zuen, baina Kramnikek ere bai, eta horrek egin zuen hautagai norvegiarra. Torneoak ikusmin handia bereganatu zuen, eta lehia polita izan zen.


Bihar hasiko denak, ordea, txiki utziko du Londreskoa. Aspaldi ez zegoela horrenbesteko ikusmina. Gari Kasparov eta Anatoli Karpoven arteko lehia mitikoen ostean torneo garrantzitsuenak indarra galdu zuen. Vladimir Kramnik, Veselin Topalov, Anand, Gelfand eta abar ez dira ikuskizun bikain eman zaleak. 2010ean Kasparovek honela deskribatu zuen gertatzen ari zena: «Gaur egun xake teknikoagoa eta oldarkorragoa jokatzen da, baina glamour-a galdu egin da». Hala ere, badirudi glamour hori berreskuratu egin dela. Ez da gutxiagorako, Kasparoven belaunaldiaren osteko jokalaririk erregularrena eta sekula ikusi den etorkizun handieneko jokalaria izango dira aurrez aurre finalean.


Txapelduna. Viswanathan Anand.

 

Berezkoa du talentua.

 

Josu Tornay.

 

Ekonomian lizentziaduna, eleaniztuna, kirolaria eta barazkijalea da Viswanathan Anand (Chennai, India, 1969). Madrasko tigrea goitizena gaztetik jaso zuen, baina pertsona lasaia, umila eta atsegina da. Indian heroia da, eta sarri izendatu dute urteko kirolaririk onena. Egun elo zerrendetako munduko zortzigarrena bada ere, lehena izan da behin baino gehiagotan. Hori bai, hogei urte darama hamar onenen artean.


Haren jaioterrian, Chennain (lehengo Madras), zaletasun handia zegoen xakean. Indiako lehen bi nazioarteko maisuak hangoak ziren, eta Sobietar Batasunaren enbaxadak sustatuta, hantxe zegoen Mijail Tahl xake klub ospetsua. Anand partida bizkorretan nabarmendu zen hasieran, bere berezko talentuari esker partida asko ia pentsatu barik irabazten baitzituen. 1986an, nagusien mailako Indiako txapeldun izan zen, eta urtebete geroago, gazte mailako munduko txapeldun. Haren izena zabaldu zen mundu osoan. «Piezak deabruak bezain bizkor mugitzen dituen gaztetxo indiarra». Hala deitzen zioten. 18 urterekin jada Maisu Handiko titulua lortu zuen.


1991n, Munduko Txapelketako hautagaien lehiarako sailkatu zen, eta Anatoli Karpovekin galdu zuen final-laurdenetan. Hala ere, urte horren amaieran, Reggio Emiliako torneoa (Italia) irabazi zuen, Karpov eta Gari Kasparoven aurretik.


1993an banaketa izan zen xakean. Anand saiatu zen Elkarte Profesional (PCA) zein Nazioarteko Federazioko (FIDE) torneoetan jokatzen. Bietan izan zen munduko txapeldun izateko hautagai. Baina FIDEkoan Gata Kamskyk kanporatu zuen. PCAko finalean, berriz, finalean galdu zuen Kasparoven kontra.


1998an berriro aritu zen finalean, baina FIDEk bultzatutako Munduko Txapelketan. Karpov izan zuen aurkari. Erritmo normaleko partidetan hiruna egin zuten, baina, paradoxikoki, berdinketa hausteko partida bizkorretan Karpov nagusitu zen.


2000an lortu zuen azkenean helburua, FIDEko munduko txapelketa irabaztea, finalean Alexei Xirov gaindituta. Baina ez zegoen bakarrik gailurrean. Beste munduko txapeldun bat ere bazegoen: Vladimir Kramnik. 2005ean FIDEko titulua galdu zuen, San Luisen (Argentina), Veselin Topaloven mesedetan. Hala, ere, bi urte geroago berreskuratu zuen. Orduan bilakatu zen txapeldun bakarra. Ordutik hirutan eutsi dio koroari, Kramnik, Topalov eta Boris Gelfanden aurka. Orain, jaioterrian, inoizko erronka handienetako bat du: Magnus Carlseni irabazi eta laugarrenez koroari eustea.


Hautagaia. Magnus Carlsen.

 

Berea du etorkizuna.

 

Josu Tornay.

 

Tonsbergen (Norvegia) jaio zen, 1990ean. Haren aita, Henrik, informazio teknologiako aholkularia da, baita nahiko xakelari ona ere. Henrikek seme-alabei jokatzen irakatsi zien, baina Magnusek ez zuen txikitan interes handirik erakutsi. 8 urterekin, haren arreba torneoak jokatzen hasi zenean, piztu zitzaion interesa. Gaur egun rankingeko lehena da. Carlsen da inoizko zerrendabururik gazteena (19 urterekin), eta postu horretan denbora gehien izan dena (29 aldiz, lehena 2008an). Gainera, hark du historiako elo-rik altuena (2.872).


8 urterekin hasi zen Carlsen buru-belarri xakean, nola gainera. Lau urtean hobekuntza ikusgarria izan zuen. Simen Agdestein maisu handi norvegiarrarekin lehenbizi eta Peter Heine Nielsen maisu handi danimarkarrarekin gero entrenatu zen urte haietan. Berehala hasi zen garaipen zerrenda loditzen. Hala, 2002an, 12 urtez azpiko munduko txapeldun izan zen. Eta hortik aurrera zer? Bada, ibilbide ikusgarria. Carlsenek ia ez du emaitza txarrik izan. 2004ko apirilean maisu handiko titulua lortu zuen, 13 urte, lau hilabete eta 27 egun zituela. Ez da izan hori lortu duen gazteena, baina horrek berdin dio. Carlsenen jokatzeko era eta odol hotza ezohikoak dira erabat, bereziak. Posizio zailak ditu gustuko. Kontzentratzeko gaitasun handia du, eta porrota bereganatzeko izaera gogorra. «Xakean baino gehiago haserretzen naiz Monopoly-an jokatzen galtzen dudanean», aitortu izan du lasai-lasai.


Aspaldi zegoen argi Carlsen munduko txapelketako bidean zegoela. Hautagaien torneoko final-laurdenetara heldu zen 16 urterekin. Baina Levon Aronianek kanporatu zuen. 18 urterekin torneoa jokatzeko sailkatu zen, baina arauekin konforme ez, eta ez zen lehiatu. Kolpe gogorra jaso zuen xakeak, baina, egia esan, agian erabaki hura ona izan zen. Horri esker, azken lau urteetan beste torneo batzuetan aritu da, eta buru-belarri aritu da dituen gabezia apurrak hobetzen. Eta emaitza agerian dago.


Handi guztien moduan, tankera unibertsala garatu du. Jokoan posizio berriak eta konplikatuak gustatzen zaizkio. Haren adina eta gaitasuna kontuan hartuta, askok dagoeneko txapelduntzat jo dute. Lehena da elo zerrendan, eta urruti du Anand, zortzigarren postuan. Baina zerrendak ez dira dena. Indiarrak urteak daramatza buruz buruko finaletan aurkariak gainditzen, eta hor Carlsenek ez dauka esperientziarik. Hala ere, Carlsen da faborito. Hori bai, erne ibil dadila.